Mokofin

2007, March 28.

Groenlandiako astea

Atala: Uncategorized - EGILEA: mokofin @ 8:03 am

Aurreko batean Hondarribian izan ginen. Hondarribian, urtero, beste herrialde bateko gastronomia ezagutzeko aukera ematen digute antolatzen duten aste gastronomikoaren bidez. Horrela, hitzaldiak, erakusketak, dastatzeak, afariak eta hainbat gauza izaten dira. Aurten Groenlandiako hainbat sukaldari ekarri dituzte erakusketatxo bat egitera. Guk, gure artean, arrain espezie ezberdinak eta horiek prestatzeko beste era batzuk izango zituztela eta, hara joateko plana egin genuen. Zoritxarrez, denbora arazoak zirela eta, ez genuen afaltzera joateko aukerarik, beraz, lanetik ateratakoan, pintxo batzuk dastatzera joatea erabaki genuen. Bagenekien eguerdi partean, Hondarribiako hiru tabernatan, Gran Sol, Enbata, eta Txantxangorrin, Groenlandiako jakiekin egindako pintxoak ematen zituztela, eta horien bila abiatu ginen.

Hondarribiara joatea beti da gozamena, eta ez dastamenerako soilik, begietarako ere bai. Herrian zehar paseotxo bat ematea beti da atsegina eta kaleetako giroa ere alaia izaten da. Baina aurreko ostiralean ez. Euria ari zuen goian behean eta kalean lau katu baino ez ziren ikusten. Gainera, gu hirurak aldera iritsi ginen eta jende gehiena ordurako etxeratua zen itxura batean.

Beraz, panorama ikusita, arin-arin lehenengo pintxoa jatera abiatu ginen, gosea ere bagenuen eta. Txantxangorri aukeratu genuen Groenlandiako lehenengo jakiak jateko leku. Hor, Kubako doinua zuen zerbitzariak azaldu zizkigun zein ziren bertan ematen zituzten pintxoak.

Hasteko, bakailao brandada; guri ez zitzaigun hain arrotza egin, lehen ere jan izan ditugu horrelakoak, gainera, piper gorri eta berdeen gainean ekarri ziguten eta erabat etxekoa egin zitzaigun.Guk irudimenari bidea egiten utzi genion, eta berehala ikusi genituen euskal arrantzaleak Groenlandiako bidean hemengo piperrak hartuta, eta noski, hortik sortuko zen pintxo hau.

Ondoren Halli-but (ez dakit oso ondo idatzia dagoen) arrain xerratxo bat ekarri zigun. Aurretik 10 ordu inguru, salda berezi batean beratzen edukitako arraina zen. Hau bai, bereziagoa zen, carpaccio antzeko zerbait. eta gainean Snow crab, edo elurretako karramarroa edo horrelako zerbait; bada hango espezie berezi bat izan behar du. Oso goxoa. Honekin batera oso saltsa fina ekarri ziguten, baratxuri saltsa, bazirudien maionesa antzeko zerbait egin zutela. Oso goxoa zegoen.Eta saltsa hau, dirudienez ohikoa da Groenlandiako mahaietan.

Azkenekoz, Musk Ox haragia jan genuen. Badirudi MuskOx izeneko hori, zezenen antzeko animalia dela tamainaz, nahiz eta, benetan ahuntzen familiakoa izan. 2 tona pisatzera hel omen daiteke, eta animalia honen haragia Kobeko haragi ospetsuarekin alderatzen omen dute. Groenlandiarrak oso harro omen daude animalia honekin. Egia esateko oso goxoa zegoen, eta laguntzeko jarritako saltsak ere bai. Hemen ere ez zen falta baratxuri saltsa hori.

Ondoren Enbata tabernara joan ginen, eta han beranduegi zela eta bidali egin gintuzten. Gran Sol-era joan ginen ondoren, eta han, Musk Ox haragiaz egindako ragut-a jan genuen. Oso goxoa hau ere.

Dena den, badirudi plater hauek gure dastamenera egokitzeko, etxeko sukaldarien eskutik aldaketa batzuk jasan dituztela. Izan ere, Groenlandian haragia hotza jaten omen dute, eta hori pentsaezina omen zen gurera etorrita. Nik uste dut, gutako batzuk behintzat, horretara ere ausartuko ginela baina.

Groenlandiara joateko aukerarik ez dugunontzat oso hurbiltze polita izan da hau.

2007, February 23.

Saigon

Atala: Uncategorized - EGILEA: mokofin @ 11:28 am

             Orain dela hilabete batzuk Saigon jatetxean izan ginen. Saigon jatetxea Maria Cristina hotelaren aldamenean dago. Nahi izanez gero hoteletik bertatik ere sar zaitezke jatetxera. Jatetxea Vietnamdarra da. Hortik izen hori izatea, Saigon. Barrenera sartzean, ordea ez zara ekialdeko jatetxe batekin topatuko (hau gehiegi esatea ere bada, izan ere ni ez naiz inoiz izan ekialdean). Ea argitzen dudan hau: jatetxeak nire irudimenera XIX. mendeko giro koloniala ekartzen zidan, tapizak, alfonbrak, mahaien apainketa…. Eta zerbitzariak ere ez dira ekialdekoak, frantses kutsua hartzen genien gazteleraz hitz egiten zutenean ere. Beraz, laburtzeko, esan dezakegu Frantziak ekialdean XIX. mendean zituen kolonietako jatetxe baten antza hartzen zaiola. Dena den, bazen guztien artean zerbitzari bat, eta Reyes eta Arantxa horrekin geratu ziren, janariari ia kasurik ere egin gabe (eta niri gutxiago noski). Zerbitzariaren alde esan behar dut bere lekuan mantendu zela serio-serio bazkari guztian, nire lagunen erasoei irribarre xuabe batekin erantzunez.
           
            Janariari buruz ezin dizuet zehaztasunez hitz egin, denbora ez baita alperrik pasa. Ekialdeko janari tipikoak jan genituen. Hasteko, eseri bezain pronto, gure ustetan mahaia apaintzeko loreak zirenak, patata frijitu antzeko batzuk zirela adierazi ziguten eta hor hasi ginen barrez. Ondoren denetik frogatu genuen, arrozak (goxoak ziren baina ez beste munduko gauzarik ere), chop-suey edo fin-fin moztutako haragia eta oilaskoa, (ona zegoen baina espezieak ziren nagusi han ere). Udaberriko Rollitoak, barazkiez beteak, oso goxoak zeuden. Ganbak saltsa berezi batez apainduak, oso gordinak gure gusturako. Pipar hautsarekin egindako saltsatan aurkeztutako azpizuna, oso goxoa eta oso bizia.
            Orokorrean esan dezakegu inguruan ditugun ekialdeko jatetxeen artean nik ezagutu dudan onenetarikoa dela. Gehienetan, inguruan ditugun jatetxe txinarrak merkeak baina kaxkar xamarrak izaten baitira. Eta hori nire iritzia da. Reyesi edo Arantxari galdetuz gero jatetxe zoragarria dela esango dizute, baina ez dakit janarian pentsatzen duten hori esaten dutenean.  
            Dena den, Orienteko jatetxeetara joatea ere oso gomendagarria iruditzen zait. Asko ikasten da. Nik bisita kultural gisara planteatuko nuke, museo bat ikustera joaten garenean bezalaxe.
            Eta prezioa ere ez dago hain gaizki, 30 euro inguru.

2007, January 30.

Kako Jatetxea (Berastegi)

Atala: Uncategorized - EGILEA: mokofin @ 11:56 am
  •  

            Aspaldian Berastegira hurbildu gabeak ginen eta jendeari Kako jatetxearen aldeko hainbeste gauza entzun genizkionez hara joateko erabakia hartu genuen. Garai batean gehiago joaten ginen hara. Herriko jaietara. Gu, Egan taldea “behin batian Loyolan” abestia jotzen aritzen zen bitartean norbaitekin goxo-goxo dantzatzen saiatzen ginen abuztuko izarren azpian. Gure bikoteari apur bat estutzea lortzen bagenuen pozik. “Objetivo cumplido”. Baina hogeita bost urte pasa dira, ez alferrik!
            Berastegi izugarri aldatu da. Orain ezin da esan baserriz osatutako herri bat denik . Orain Txaletez osatutako herria bihurtu da. Dena oso dotore, baina badut galdera bat egiteko. Zergatik daude Berastegiko Eliza eta Udala hain aldenduak? Oso bitxia egiten zait distantzia hori, nolabaiteko harreman konponezina islatzen ari direla esan liteke.
            Baian goazen gu gurera. Kako jatetxea herriko plazan bertan dago eta erabat berritu dute. Jangela handia eta dotorea, egurra eta harria. edo porlana?. Oso jende gutxi zegoen eta lekua aukeran genuen. Lauko mahai batean jarri ginen, eta “degustazio menurik” ez dagoenez eguneko menua eskatu genuen. Menua ez zen oso ugaria, hiru haserako, hiru nagusi eta postrea. Beraz, denetik probatzea erabaki genuen.

 

            Hasteko entsalada bat, babarrunak eta barazki purea eskatu genituen. Entsalada ondo zegoen legezko gauza guztiekin: letxua, tomatea, tipula,… baina ez zuen ezer interesgarririk. Kariñorik gabe egindako platera zen. Haragijaleek jaten duten entsaladaren parekoa, araua betetzekoa, atakatik ateratzekoa, tristea. Babarrunak bai!, hori bai!, oso-oso goxoak. Gainera, hasteko piperrak ekarri zizkiguten ontzitxo batean, gero odolkia beste batean, eta azkenik, babarrunak pertza handi batean nahi adina har genezan. Babarrunen artean, garai batean aurkezten zen antzera,  haragi zati ederrak. Eta zaporea oso berezia zen. Babarruna mota izango zen agian, baina inoiz ez dut jan zapore hori zuten babarrunik oso-oso onak. Entzuna genuen jende asko etortzen zela hona babarruna jateagatik, eta probatu eta gero ez da harritzekoa. Barazki purearen aurkezpena ere oso ona izan zen, bere ogi txigortu eta guzti. Purearen kolore berdeak barazkiak gehiegi  egosiak  ez zeudela(hori izan da betiko bekatua) adierazten zuen. Eta oso goxoa zegoen, punto.

 

            Lehenengoak dastatu ondoren bigarrenei ekin genien: eskalopea, pikatxa tortilla eta izokina. Eskalopeari dagokionean, bada zer esango dizuet? Azpimarragarriena tamaina, oso handia zen, beste ezer jan gabe bapo gelditzeko modukoa, haragia xamurra zen. Eta kitto. Pikatxa tortillari dagokionean bai, honek merezi du tartetxo bat. Beharbada askok ez duzue jakingo zer den pikatxa: arkumearen odola gogortua. Odol hau bloketan saltzen da, salgai nonbait baldin badago, ez baitut ikusi aspaldian. Ondoren zatitu eta zartaginera botatzen da, eta ondoren arrautzak botatzen dira nahastuta. Gure etxean perrexila ere botatzen zitzaion, eta Kakon ere bai. Gaztarora itzulitxo bat egitea bezalaxe izan zen tortilla hori dastatzea. Oso goxoa. Eta izokinari dagokionez, bada oso ondo frijitua zegoen eta zapore oso ona zuen. Izokina oso xamurra eta ederra, eta anoa beharbada handiegia. Baina ez nuen ondo ikusten nire burua Berastegin izokina jaten, txorakeria izango da baina ez nintzen eroso sentitzen.

 

            Postreak, bi bakarrik hartu genituen: mamia eta izozkia, biak ondo besterik gabe. Edateko ura eta ardoa. Ardoa Pierola eskatu genuen eta botilatxoa hustu egin genuen. Pena izango zen han soberan uztea horren ardo goxoa.
Menua 12 eurotan zegoen (guri ardoarekin apur bat igo zitzaigun) baina, kalitate-prezio lotura oso ona dela iritzi diogu hirurok.

2007, January 24.

Iñigo Lavado

Atala: Uncategorized - EGILEA: mokofin @ 8:16 am

Iñigo Lavadok izen bereko jatetxea du Irunen, Ficoba erakustazokan. Jatetxeak, kanpotik begiratuta airean gelditzen den kubo bat  dirudi, eta gorri-gorria, oso ikusgarria geratzen da. Jatetxeak baditu hainbat jangela, eta eguneko menuak ere ematen ditu. Gu goiko jangelara joan ginen. Jangela hau, oso areto zabala da, eta ormetako bat beirazkoa da, beraz paisaia ikusgarria zabaltzen da zure aurrean: pirinioak, Bidasoa ibaia txalupatxo eta guzti…

 

Jangelan hainbat mahai zabalduak. Mahaien artean tarte zabala geratzen da eta horrek intimitate handiagoa ematen dio bazkaldar talde bakoitzari. Gainera, gehienok horrelakoetan sagardotegietan ez bezala jokatzen dugu. Sagardotegietan builaka eta elkarri entzuteko arazoak ditugula ibiltzen bagara ere, izen handiko jatetxeetara joaten garenean askoz ere baxuago hitz egiten dugu, badirudi lotsatuta geundekeela. Bueno bada, Iñigo Lavadoren jatetxean ere gauza bera, zurrumurru apal bat baino ez zen entzuten.

 

Horrela bada sartu ginen jangelan eta berehalakoan etorri zen maitrea guregana, ahots baxu-baxuan nor ginen galdetu eta berehala eraman gintuen gure mahaira. Hemen dago lehenengo akatsa, maitreak ez zekien euskaraz. Guri hori akats larria iruditzen zaigu, horrelako jatetxe batean bezeroa eroso egon dadin saiatzen dira, eta gaur egun, ingelesa ere eskatzen zaie zenbait jatetxeetan maitreei, eta Gipuzkoan euskara ez eskatzea ez zaigu bidezkoa iruditzen. Baina horretara ere jarriak gaude, eta aurrera jarraitu genuen, gainera maitreak zerbitzari baten eskuetan utzi gintuen, eta hau euskalduna zen, eta denok pozik. Nik uste dut zerbitzariak euskaraz jakiteagatik beste giro bat sortu zela han, bestela sortuko ez zen giroa.

 

Eseri ginen, bada, eta lehenengo tartea paisaiari begira pasa genuen. Esan dizuet zoragarri ikusten dela jangelatik Bidasoako inguru zabala. Zerbitzariak karta ekarri zigun, eta guk begiratu bat eman genion, nahiz eta jakin hirurok “degustazio menua” hartuko genuela, beti gustatzen zaigu horrelako kartetan egoten diren izen arraroak “kuxkuxeatzea”.  Esan behar da karta bera oso diseinu berezikoa zela lauki zuzen erakoa zen, eta tamaina izugarria zuen, horrek oso erabilgaitza eta traketsa bihurtu zuen gure eskuetan, baina begiradatxo bat bota genion.

 

Bazkari eguna abenduaren 21a zen “Santomas eguna”, eta noski, txistorrak nondik edo handik agertu behar zuen. Eta hortxe agertu zen. Kartari begira ari ginela, zerbitzariak txistorra puntta bana ekarri zigun, eta guk, zanpa! Jesus amen batean jan genuen.

 

Ondoren zerbitzariari “ degustazio menua ” jango genuela esan genion.

 

Hauxe da dastatuko genituen jakien zerrenda (menua gazteleraz dago, gu saiatuko gara euskarara itzultzen, ea nola gelditzen zaigun)

 

Arrautza, ogia eta urdaiazpikoa
Odolki krema, basoko arroza eta txerri iberikoaren belarria
Garaiko barazkien salteatua, leka-elurra eta onddo-salda
Plantxan egindako kokotxa perrexilaren airea eta baratxuri freskoak
Txibia uztaia, sesamoa eta baratxuri emultsioa
Bakailao arroz krematsua
Hegaluze-mendreska, tipula freskoekin egindako kaneloia eta itsasoko infusioa
Arkume piruleta neurrira errea eta eskarola eta gaztaina entsalada.
Sagarra berdearen izozkia, legamia aparra eta intxaur gaileta
Kafe eta bainila krema eta koko kurruskatsua eta platano karamelutua.

 

Zer? Horrela jarrita inpresionatu egiten du, ezta? Bada egia esateko oso goxoa zegoen dena bai. Baina plater bakoitzari buruzko iruzkintxo bat egiteko ere aprobetxatu nahi dugu, beraz lehenengotik hasiko gara.

 

Arrautza, ogia eta urdaiazpikoa
 Horrela aurkeztuta ez dirudi gauza handia denik, gehiago litzateke edozein tabernatan jaten den pintxo lehor horietako bat; baina ez, ez da hori. Zerbitzariak bakoitzari bolatxo bat jarri zigun platerean, eta oso-osorik ahora sartzeko gomendioa eman zigun. Gu, aurreneko instantean kroketaren bat zelakoan geunden, baino ez, ogiz egindako bolatxoa zen. Ahora sartu, eta kosk egitean, arrautza gorringo epela zabaldu zen guren ahoan, oso sentsazio atsegina. Gero, mastekatzean urdaiazpikoaren zaporea ere agertu zen. Oso goxoa.

 

Odolki krema, basoko arroza eta txerri iberikoaren belarria

 

Odolkia dastatzeko beste era bat. Egia esan ontziteria izugarria da. Odolki krema saio-hodiaren antzeko batean atera ziguten eta hodi hori, era berean, beste ontzi batean sartua zetorren lurrun usaintsu bat zuen  likido epel batez inguratuta, lurrunak piperraren usaina zabaltzen zuen odolki kremaren inguruan. Arroza, berriz, orain hain modan dauden portzelanazko koilaratxo batean, iberiko belarria aldamenean. Dena primerakoa. Agian, tenperatura altuxeagoan egotea eskertuko genukeen, baina bestela ez dago kexarik.

 

Garaiko barazkien salteatua, leka-elurra eta onddo-salda

 

Zoragarria, bai kolore aldetik, barazkiak puntu oso ona zuten eta kolore bizi-biziekin atera ziren, eta onddo-saldaren zaporeak primerako laguntza ematen zien. Gure basoetan usaintzen den hezetasuna  ekarri zidan niri gogora. Naturara egindako paseotxo baten antzekoa izan zen.

 

Plantxan egindako kokotxa perrexilaren airea eta baratxuri freskoak

 

Distantziatik begiratuta hau izan zen beharbada oroitzapen txikienetakoa utzi zigun platera. Ez dugu komentatuko.

 

Txibia  uztaia, sesamoa eta baratxuri emultsioa

 

Lehorrekoak garelako agian, baina beti iruditu izan zaigu ateratzen diguten txibia zatia gogorregi dagoela, gure ezjakintasuna izango da.

 

Bakailao arroz krematsua

 

Mundiala, arrozak bakailaoaren zapore guztiak hartuak zituen eta itsaso tragoxka bat bezala sartzen zen. Oso ona.

 

 

Hegaluze-mendreska, tipula freskoekin egindako kaneloia eta itsasoko infusioa

 

Hau ere oso goxoa zegoen, baina behar bada ez du utzi gure garunean halako oroitzapenik .

 

Arkume piruleta neurrira errea eta eskarola eta gaztaina entsalada.

 

Hemen ere presentazioa oso egokia zen. Arkumea neurrira errea egongo zen, baina berriro ere gure gusturako epelegia zegoen. Tenperatura altuagoan aurkeztu balute guk eskertuko genuen. (Hori ere gure ezjakintasuna izango da behar bada, baina urteetan gurasoek salda beroarekin ohitu gaituzte, eta agian dastamena hondatua izango dugu). Aspaldian ez genuen eskuekin jaten eta honetan hala egin behar izan genuen, piruletak eskuekin jaten baitira

 


Sagar berdearen izozkia, legamia aparra eta intxaur gaileta

Sagar berdearen izozkia primerakoa, freskoa eta sabelak digestioa egiteko lagungarria. Izozki honek, neurri batean, cava sorbetearen funtzioa betetzen du.

 

Kafe eta bainila krema eta koko kurruskatsua eta platano karamelutua

Platera estua eta luzea. Alde batean txupitorako erabiltzen de edalontzi txikia kafe epelarekin eta bestaldean koko kurruskatsuarekin egindako zilindroa, bainila kremaz eta platano karamelutuaz betea. Lehenengo zilindroari ekin genion eta ondoren kafetxoak bukaera eman zion Santomas eguneko lagunarteko bazkari honi. Gomendagarria

 

 

Eta noski, prezioaz ere zerbait esan behar dugu. “Degustazio-menu” hau 60 eurotan zegoen (BEZ aparte). Egia esan, 60 eurorekin oraindik ere leku askotan jan daiteke ondo, eta merkeago ere bai. Euskadin 10 euroko menu eder askoak ere badira. Baina zaila da 60 euro (gehi BEZ) ordainduta beste jatetxe batetik hemendik atera garen bezain gustura ateratzea.

 

 

2007, January 18.

Ongi etorriak gure blog honetara.

Atala: Uncategorized - EGILEA: mokofin @ 7:46 am

Mokofin taldea hirukote batek osatzen dugu. Hiruroi gustatzen zaigu jatea. Jatea zentzurik zabalenean: ondo jatea, bapo jatea, denetik jatea… Horrela bada, astero dirutxo bat jartzen hasi ginen, eta begiz jota dugun jatetxeko menu bat jateko adina metatzen dugunean, hor joaten gara gure galarik ederrenak jantzita.

 

Badira 5 edo 6 urte ohitura eder honi ekin genionetik, eta dagoeneko hamaikatxo jatetxe probatu ditugu. Jatetxe horien artean denetik dago, sona handikoak (Akelarre, Arzak, Mugaritz, Zuberoa…) eta baita oso apalak ere (Mamutzar, …). Eta esperientzia zoragarria izan da.

 

Azkeneko bazkaritxoa egin genuenean, blog hauei buruz ari ginela, zera otu zitzaigun: zergatik ez dugu sortzen blog bat gure esperientzien berri emateko. Agian, norbaiti baliagarria izan dakioke. Eta guretzat ere aberasgarria izango da.

 

Esan eta egin. Eta hementxe duzue bloga. Hasi aurretik zera esan nahi dizuegu. Guk, beti “ Degustazio Menua” izenekoa eskatzen dugu, baldin badute behintzat. Iruditzen zaigu sukaldari batek menu hori bere burua zuritzeko erabili behar duela, eta beraz, bere jakinduriaren erakusgarri izan behar duela. Ardoa ere jatetxeak gomendatzen duena hartzen dugu. Ez zaigu iruditzen izena duen sukaldari batek menuari ez dagokion ardo bat emango digunik, ez luke horrela behar behintzat.

 

Bueno eta gaian sartzeko zuzenean azkenekoz bisitatu dugun jatetxearen berri emango dizuegu.

 

Gu, Arantxa, Reyes eta Josemari gara eta sukaldaritzako azken gorabeherei buruz hitz egingo dizuegu. On egin!!!!!!

Azken Iruzkinak

  • Estekak:
  • Atalak:
    • Bilaketa:

  • Fitxategiak:
  • Azaroa 2009
    Al At Az Og Or Lr Ig
    « Mar    
     1
    2345678
    9101112131415
    16171819202122
    23242526272829
    30  
  • Azken mezuak
  • Irakurrienak
  • Admin gunea:
  • Sindikazioa:

  • Creative Commons License
    lana lan hau Creative Commons-en baimen baten mende dago.

  • Get free blog up and running in minutes with Blogsome
    Theme designed by Janis Joseph