Iñigo Lavadok izen bereko jatetxea du Irunen, Ficoba erakustazokan. Jatetxeak, kanpotik begiratuta airean gelditzen den kubo bat dirudi, eta gorri-gorria, oso ikusgarria geratzen da. Jatetxeak baditu hainbat jangela, eta eguneko menuak ere ematen ditu. Gu goiko jangelara joan ginen. Jangela hau, oso areto zabala da, eta ormetako bat beirazkoa da, beraz paisaia ikusgarria zabaltzen da zure aurrean: pirinioak, Bidasoa ibaia txalupatxo eta guzti…
Jangelan hainbat mahai zabalduak. Mahaien artean tarte zabala geratzen da eta horrek intimitate handiagoa ematen dio bazkaldar talde bakoitzari. Gainera, gehienok horrelakoetan sagardotegietan ez bezala jokatzen dugu. Sagardotegietan builaka eta elkarri entzuteko arazoak ditugula ibiltzen bagara ere, izen handiko jatetxeetara joaten garenean askoz ere baxuago hitz egiten dugu, badirudi lotsatuta geundekeela. Bueno bada, Iñigo Lavadoren jatetxean ere gauza bera, zurrumurru apal bat baino ez zen entzuten.
Horrela bada sartu ginen jangelan eta berehalakoan etorri zen maitrea guregana, ahots baxu-baxuan nor ginen galdetu eta berehala eraman gintuen gure mahaira. Hemen dago lehenengo akatsa, maitreak ez zekien euskaraz. Guri hori akats larria iruditzen zaigu, horrelako jatetxe batean bezeroa eroso egon dadin saiatzen dira, eta gaur egun, ingelesa ere eskatzen zaie zenbait jatetxeetan maitreei, eta Gipuzkoan euskara ez eskatzea ez zaigu bidezkoa iruditzen. Baina horretara ere jarriak gaude, eta aurrera jarraitu genuen, gainera maitreak zerbitzari baten eskuetan utzi gintuen, eta hau euskalduna zen, eta denok pozik. Nik uste dut zerbitzariak euskaraz jakiteagatik beste giro bat sortu zela han, bestela sortuko ez zen giroa.
Eseri ginen, bada, eta lehenengo tartea paisaiari begira pasa genuen. Esan dizuet zoragarri ikusten dela jangelatik Bidasoako inguru zabala. Zerbitzariak karta ekarri zigun, eta guk begiratu bat eman genion, nahiz eta jakin hirurok “degustazio menua” hartuko genuela, beti gustatzen zaigu horrelako kartetan egoten diren izen arraroak “kuxkuxeatzea”. Esan behar da karta bera oso diseinu berezikoa zela lauki zuzen erakoa zen, eta tamaina izugarria zuen, horrek oso erabilgaitza eta traketsa bihurtu zuen gure eskuetan, baina begiradatxo bat bota genion.
Bazkari eguna abenduaren 21a zen “Santomas eguna”, eta noski, txistorrak nondik edo handik agertu behar zuen. Eta hortxe agertu zen. Kartari begira ari ginela, zerbitzariak txistorra puntta bana ekarri zigun, eta guk, zanpa! Jesus amen batean jan genuen.
Ondoren zerbitzariari “ degustazio menua ” jango genuela esan genion.
Hauxe da dastatuko genituen jakien zerrenda (menua gazteleraz dago, gu saiatuko gara euskarara itzultzen, ea nola gelditzen zaigun)
Arrautza, ogia eta urdaiazpikoa
Odolki krema, basoko arroza eta txerri iberikoaren belarria
Garaiko barazkien salteatua, leka-elurra eta onddo-salda
Plantxan egindako kokotxa perrexilaren airea eta baratxuri freskoak
Txibia uztaia, sesamoa eta baratxuri emultsioa
Bakailao arroz krematsua
Hegaluze-mendreska, tipula freskoekin egindako kaneloia eta itsasoko infusioa
Arkume piruleta neurrira errea eta eskarola eta gaztaina entsalada.
Sagarra berdearen izozkia, legamia aparra eta intxaur gaileta
Kafe eta bainila krema eta koko kurruskatsua eta platano karamelutua.
Zer? Horrela jarrita inpresionatu egiten du, ezta? Bada egia esateko oso goxoa zegoen dena bai. Baina plater bakoitzari buruzko iruzkintxo bat egiteko ere aprobetxatu nahi dugu, beraz lehenengotik hasiko gara.
Arrautza, ogia eta urdaiazpikoa
Horrela aurkeztuta ez dirudi gauza handia denik, gehiago litzateke edozein tabernatan jaten den pintxo lehor horietako bat; baina ez, ez da hori. Zerbitzariak bakoitzari bolatxo bat jarri zigun platerean, eta oso-osorik ahora sartzeko gomendioa eman zigun. Gu, aurreneko instantean kroketaren bat zelakoan geunden, baino ez, ogiz egindako bolatxoa zen. Ahora sartu, eta kosk egitean, arrautza gorringo epela zabaldu zen guren ahoan, oso sentsazio atsegina. Gero, mastekatzean urdaiazpikoaren zaporea ere agertu zen. Oso goxoa.
Odolki krema, basoko arroza eta txerri iberikoaren belarria
Odolkia dastatzeko beste era bat. Egia esan ontziteria izugarria da. Odolki krema saio-hodiaren antzeko batean atera ziguten eta hodi hori, era berean, beste ontzi batean sartua zetorren lurrun usaintsu bat zuen likido epel batez inguratuta, lurrunak piperraren usaina zabaltzen zuen odolki kremaren inguruan. Arroza, berriz, orain hain modan dauden portzelanazko koilaratxo batean, iberiko belarria aldamenean. Dena primerakoa. Agian, tenperatura altuxeagoan egotea eskertuko genukeen, baina bestela ez dago kexarik.
Garaiko barazkien salteatua, leka-elurra eta onddo-salda
Zoragarria, bai kolore aldetik, barazkiak puntu oso ona zuten eta kolore bizi-biziekin atera ziren, eta onddo-saldaren zaporeak primerako laguntza ematen zien. Gure basoetan usaintzen den hezetasuna ekarri zidan niri gogora. Naturara egindako paseotxo baten antzekoa izan zen.
Plantxan egindako kokotxa perrexilaren airea eta baratxuri freskoak
Distantziatik begiratuta hau izan zen beharbada oroitzapen txikienetakoa utzi zigun platera. Ez dugu komentatuko.
Txibia uztaia, sesamoa eta baratxuri emultsioa
Lehorrekoak garelako agian, baina beti iruditu izan zaigu ateratzen diguten txibia zatia gogorregi dagoela, gure ezjakintasuna izango da.
Bakailao arroz krematsua
Mundiala, arrozak bakailaoaren zapore guztiak hartuak zituen eta itsaso tragoxka bat bezala sartzen zen. Oso ona.
Hegaluze-mendreska, tipula freskoekin egindako kaneloia eta itsasoko infusioa
Hau ere oso goxoa zegoen, baina behar bada ez du utzi gure garunean halako oroitzapenik .
Arkume piruleta neurrira errea eta eskarola eta gaztaina entsalada.
Hemen ere presentazioa oso egokia zen. Arkumea neurrira errea egongo zen, baina berriro ere gure gusturako epelegia zegoen. Tenperatura altuagoan aurkeztu balute guk eskertuko genuen. (Hori ere gure ezjakintasuna izango da behar bada, baina urteetan gurasoek salda beroarekin ohitu gaituzte, eta agian dastamena hondatua izango dugu). Aspaldian ez genuen eskuekin jaten eta honetan hala egin behar izan genuen, piruletak eskuekin jaten baitira
Sagar berdearen izozkia, legamia aparra eta intxaur gaileta
Sagar berdearen izozkia primerakoa, freskoa eta sabelak digestioa egiteko lagungarria. Izozki honek, neurri batean, cava sorbetearen funtzioa betetzen du.
Kafe eta bainila krema eta koko kurruskatsua eta platano karamelutua
Platera estua eta luzea. Alde batean txupitorako erabiltzen de edalontzi txikia kafe epelarekin eta bestaldean koko kurruskatsuarekin egindako zilindroa, bainila kremaz eta platano karamelutuaz betea. Lehenengo zilindroari ekin genion eta ondoren kafetxoak bukaera eman zion Santomas eguneko lagunarteko bazkari honi. Gomendagarria
Eta noski, prezioaz ere zerbait esan behar dugu. “Degustazio-menu” hau 60 eurotan zegoen (BEZ aparte). Egia esan, 60 eurorekin oraindik ere leku askotan jan daiteke ondo, eta merkeago ere bai. Euskadin 10 euroko menu eder askoak ere badira. Baina zaila da 60 euro (gehi BEZ) ordainduta beste jatetxe batetik hemendik atera garen bezain gustura ateratzea.
Tira, ez nuen Iñigo Lavadoren jatetxearen berri baina zure artikulua irakurri ondoren bisitatxo bat egiteko irrikitan nago. Ez da asko falta ezkontzako urteurrenerako; aitzakia polita jatetxea ezagutzeko, bai horixe!
Comment egilea jolaus — 2007, February 1. @ 4:43 pm
Joxe mari gaur kontatu dit Iñigok zure bogarenari buruzkoa eta begiradatxo bat ematera sartu nahiz.Eta a ze nolako txapada sartzen duzuen.agur.
Comment egilea Karim — 2007, March 5. @ 5:57 pm